XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Liburu berri. Iparraren bila J.L. Davant-ek

EIkar argitaldariak igorri digu gure kasetara Jean Louis Davant euskalzainak atera berri duen liburuttoa, 148 horrialdeko nobela.

Hauxe du nobelak gaia: berriki bere gain jarria, erresuma ttipia da Zubernoa, bere bi nagusi ohien artean kokatua.

Hibernia delako auzo urrunaren aurka, basa gerla batean sartzera doa, funtsezko arrazoinik gabe dirudienez.

Itsasotik jalgitzen ari den zelai ustel batez da estakurua.

Gerla horretan parte hartuko du Johañe Rekalte gazteak, 12 garren konpainian, bera bezain gaizki apailatuak dituen lagunekin.

Gudu bitxia zinez, oihan eta urtokien barna, iparrari buruz, ikusten ez den etsai misteriotsu baten ondotik.

Dena gaizki bururatuko da Zubernoarentzat, bereziki J.R. gaixoaren eta 12. Konpainia dohakabearentzat.

Ez dira zoritxarrez horretan geldituko mutikoaren eta herritarren eneguak.

Atseginekin irakurriko du nobela hori bereziki aberzale sendimendurik duen batek, edo gogo bihotzak herri maitasunez kezkatsu dauzkanak, nahiz eta ez badira ere hor gure herriko kasu berak (ez ahantz nobela edo elaberria dela).

Idazkera eta mintzaira aldetik, euskara batua; ez haatik eskualde bakar batera bihurtu euskara bat: ala ziberotarretik, ala bizkaieratik, ala denetarik hartu hizkuntzak eta bihurdikak aurkitzen dira hor, zimendua aldiz manexa eta gipuzkoeratik daukalarik gure iduriko; hots euskara batu zabal bat, erdian harturik ardatxa baina ororenak onhartuzkoa.

Gisa guziz mintzaira aberats eta argi batean idatzia.

Bakarrik, maiz gertatzen den bezala, beste irakurraldi bat gehiago mereziko zuen liburuak irarkolan, azken huts ttipi batzuen ezeztatzeko.

Baina gauza ttipia da hori oro har.

Beste asko libururen ondotik, historiazko, poesiazko edo liburu xahar ikertze, goresgarri da orain aldiz nobelari lotu zaigun Davant erakaslea.

Donostian, Esterlines 10, edo Baionan, Zabal Panecau, aurkitzen da salgai liburua.